XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

1973 garreneko otsail hartan, ordea, Anterok ez ziezaiokeen antzik eman zetorkionari.

Egun hartara arte goizoro zortzi t'erdietan jeiki ohi zen bederatziretarako eskolan egon zedin.

Gosari beroa hartu eta zuzenean joaten zen matematikak eta gramatikak ikastera.

Geografiako irakasleari ikasia zion Tierra del Panen gari ugari zela eta Reykiawyk Islandiako hiri-burua zela.

Aitari entzundakoa zuen, ostera, urrutian Europari ifar-aldetik hasera ematen zioten irla haietan bezainbeste makailaurik ez zela beste inon harrapatzen, eta Islandiako arroka guztiek kaio zirinez beteta egon behar zutela iruditzen zitzaion dagoeneko gizondutako mutiko kaskagorriari.

Reykiawyk kosta kakaztuaren hiri-burua zen.

Goiz hartan ama esnatzera joan zitzaionean, lau t'erdiak zirela esan zion, azkar ibili beharko zuela garaiz heldu nahi bazuen.

Bere lozorroan ezin zuen asmatu zergatik esnatu behar zuen berak eguzkia atera baino lehen eta bestetan baino askoz goizago.

Itsasoan lanera joan behar zuela ohartu zenean, urduri jarri zen, eta Loiola edo Bilborako txangoan bailihoan, antsiz bete zitzaion bihotza, eta altxatuz, mantapean utzi zuen logurea lojantziarekin korapilaturik.

Gosalondoan, inoiz ez bezala, musu bat eman zion aitak eta besarkatu ere egin zuen, bere ezpaleko mutikoa bedeinkatu nahi balu bezala.

Amak, aitak eginiko zeremonia berdintsua errepikatu ondoren, sira berria sartu zion galtzerpean eta eskuetara egunkariz bildutako pakete txukun bat, lokarri kibiztatu eta guzti, eman zion.

Barnean bi arraultze eta ogi errabeta bat zeuzkan.

Listo. Bazegoen itsasorako prest.